Hizkuntz industrien

Elkartea

Euskal Herrian

 

Hemen zaude:
  • Hasiera
  • Albisteak
  • UZEIk GARBIRO sortu du Ordenagailuz Lagunduko Itzulpengintzarako tresnen errendimendua hobetzeko @UZEI_

UZEIk GARBIRO sortu du Ordenagailuz Lagunduko Itzulpengintzarako tresnen errendimendua hobetzeko @UZEI_

2014/05/14

Itzulpen-zerbitzu profesionalentzat ezinbesteko baliabideak dira gaur egun OLI (Ordenagailuz Lagundutako Itzulpengintza) tresnak. Itzulpen-memorietan egokia ez den informazioa automatikoki detektatzen eta ezabatzen du GARBIROk

OLI tresnak eta haien mugak

Itzulpen-zerbitzu profesionalentzat ezinbesteko baliabideak dira gaur egun OLI (Ordenagailuz Lagundutako Itzulpengintza) tresnak.

Tresna horien helburua itzulpen-lana arintzea eta koherentzia bermatzea da. Horretarako, datu-baseetan gorde ohi dituzte itzultzaileek itzulitako testuen segmentuak. Segmentu horiei itzulpen-unitate esaten zaie, eta datu-baseei, berriz, itzulpen-memoria. Itzulpen-unitateak itzulpen-memorian gordetzen direnez, itzultzailea egiten ari den itzulpen berean edo beste itzulpen batean segmentu bera agertzen bada, itzultzaileak berrerabili egiten du lehendik egindako itzulpena, berri-berritik itzuli ordez. Gainera, OLI tresnek berreskuratzen dituzte antzekoak diren segmentuak ere (guztiz berdinak ez izan arren, zatiren bat errepikatua dutenak), eta itzultzailea lantzen ari den testuarekiko desberdintasunak markatzen dituzte, itzultzaileak lana arinago osa dezan.

OLI tresnek aurrerapen handia diren arren, itzulpenen datu-basea (itzulpen-memoria) handitu ahala, erabilgarritasuna galtzen joan daitezke, besteak beste, bilaketak gero eta motelagoak bihurtzen direlako, edota itzulpen-memorian jasotako hainbat informaziok distortsioak sor ditzakeelako.

Bi arazo-motak horiek konpontzeko, UZEIk hainbat baliabide garatu ditu:

  • Batetik, itzulpen-memoria handiek itzultzailearen lana motel ez dezaten, itzulpenen kudeaketa aurreraturako tresna sortua du UZEIk, eLENA izenekoa.
  • Bestetik, orain arte, itzulpen-memorien mantentze-lana eskuz egitea lan astuna eta luzea izan ohi da. Gainera, normalean, itzulpen-memoriak arazoak ematen hasten direnean, itzultzaileek beraiek egin behar izaten dituzte mantentze-lan horiek. Itzultzaile profesionalen behar hori ikusita, GARBIRO izeneko zerbitzua jarri du abian orain UZEIk.

Eginbideak

Labur esateko, itzulpen-memorietan egokia ez den informazioa automatikoki detektatzen eta ezabatzen du GARBIROk.

Esate baterako, informazio berririk gehitzen ez duten datuak ezabatzen ditu (horrelakoak dira HTML etiketak, berdinak diren segmentu errepikatuak eta hizkuntzetako bateko –sorburu-hizkuntzako edo xede-hizkuntzako– eremua hutsik duten itzulpen-unitateak). Gainera, koherentzia-falta eragin dezaketen datuak ere ezabatzen ditu (gaizki lerrokatutako unitateak eta okerreko hizkuntzarekin definitutakoak).

Bestalde, bezero bakoitzaren neurrirako zerbitzua da GARBIRO. Adibidez, bezeroaren beharren arabera eta, betiere, hark ezarritako irizpideekin bat, itzulpen-memorietan koherentziarik gabeko itzulpen-unitateen tratamendu pertsonalizatua modu automatikoan egiteko aukera ematen du.

Errendimendua

Gure bezeroekin izan dugun esperientziak erakutsi digunez, urteetan elikatu den itzulpen-memoria bat % 30 arte soil daiteke, beharrezkoa ez den edo distortsioak sortzen dituen informazioa ezabatuz. Horrek, itzulpen-memorien errendimendua nabarmen hobetzen du, eta lana arinago egiteko aukera ematen du.

Bateragarritasuna

OLI tresnen aukera zabala dago eskuragarri merkatuan gaur egun. Ezagunenen artean ditugu SDL Trados Studio eta Wordfast (PRO/Classic), baina MemoQ, OmegaT eta Catalyst bezalakoak ere aski erabiliak dira. GARBIROk itzulpen-memorien trukerako TMX formatu estandarra baliatzen duenez, tresna horietako edozeinekin sortutako edo kudeatutako itzulpen-memoriak azter eta garbi ditzake.

http://www.uzei.com